XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hain gogaiturik zeukan ezen, momentu batez, dena bertan behera utzi eta hanka egitea ere otu baitzitzaion.

Baina berehala kendu zuen asmo hura burutik, ondo asko bai baitzekien Anaia Dabit-ek ez ziola horrelako azio arbuiagarririk sekula barkatuko.

Oharkabean, idazlumaren punta paperean finkatu zuen ostera, eta poliki-poliki eskua bere kasa hasi balitzaio bezala falta zitzaizkion hitz biak marratu zituen, arestian idatzitakoaren aldamenean.

Esaldia osatu zuenean jaiki egin zen, orri laurdena hartu eskuetan, eta irakaslearen mahairaino joanik, haren erdian laga zuen agerian.

Gero alde egin zuen.

Kolejioko ate nagusia gainditu zueneko, mundua desegokiturik bezala aurkitu zuen, eta irudipen hura gero eta nabarmenagoa egin zitzaion aldapan behera zihoala.

Jendearen joan-etorriak edo autoen agertze eta desagertzeak mantso-mantso gertatzen ziren bere baitan, eta haien irudiak xehetasun berriez horniturik azaltzen zitzaizkion.

Baina, bat-batean, gogamena gurasoengana aldendu zitzaiolarik, halako bihotz mindurak harrapatu zion barrena non, une haietan nahiago izango baitzukeen bertan hiltzea, ezen ez gurasoei eskolan gertatukoa kontatzea.

Aldi berean, lanera bidean zihoazen beharginei erreparatu zien, eta haiengan antzeman zuen alaitasunaz hunkiturik, zera deliberatu zuen bere artean: